viernes, 10 de febrero de 2012

                  Basaratuzte Euskal Herrian 

      Txitxi-burruntzi, Sasi koipetsu ere esaten zaio.
Zenbait lekuetan Santa Agedaren hurrengo igandean ospatzen dute, beraz jai finkoa da eta ospakizunean etxerik etxe "Santa-eskean" bildutakoa jan eta edaten dute.
Arruntena Inauterien aurreko igandean ospatzea da, taldean eta mendian egin ohi da, eta horretarako apropos piztutako suaren inguruan askaria egiten da.
Suaren txingarretan, eta burduntzia erabilita, eramandako txerrikiak erretzen dira, hala nola, solomoa, urdaia eta txorizoa. Zenbait kasutan arrautzak ere frijitzen dira eta, kasu horietan, zartagina erabili behar izaten da (ez burduntzia).
Askari horretarako eramaten diren ardoak eta pattarrak poztu egiten ditu taldekideak eta, musika tresnaren baten soinuaz alaituta (txistua, soinua, panderoa…), auzorako edo herrirako itzulera oso zalapartatsua izaten da.
Ilunabar alai horretan sukaldeko tresnak (koilarak, zartaginak, botilak…) denetariko perkusio-instrumentuak egiteko erabiltzen dira.

              Gernika-Lumoko txitxiburduntzia

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Elai-Alaik suspertu egin zuen ahulduta zegoen ohitura hori, eta berreskurapen horretarako Lumoko plaza aukeratu zen. Euria edo elurra egiten zuenean elizpean hartzen zuten babes parte hartzaileek, eta bertan egiten zituzten jolasak eta suak.
Lumorako igoera zein itzulera oinez eta txistuaren soinuak lagunduta egiten ziren sasoi hartan.
Noiz edo noiz ibilbidea eta ospatzeko lekua bera ere aldatu egin ziren; Ajangizera, esate baterako. Txitxiburduntzi egitera gero eta jende gutxiago joaten zenez, 90eko hamarkadan, hirigunetik gertuago egiten hasi zen, Zeharreta Behekoan, hain zuzen ere, eta urte batean, Pasealekuko arkupeetan ere egin zen.

Gaur egun, ospakizuna Lumoko plazan egitea da ohikoena, hasieran egiten zen lekuan bertan, eta hainbat eta hainbat haur eta heldu joaten dira. Elai-Alaiko kideek bultzatzen dute jaia eta, behar diren suak piztu ondoren, haurrentzako jolasak, lantegiak eta ezinbesteko sartai-dantza eta aulki-dantza antolatzen dituzte.
Baztango irri-dantza horiek oso errotuta daude Lumoko txitxiburduntzian, aulki-dantza batez ere, zeina 1988tik aurrera ofizial bihurtu zen, eta irabazleei sariak ematen zaizkie.